Aurkezpena: Alain Badiouren Etika EHan

Alain Badiouren Etika: Gaizkiaren kontzientziari buruzko saiakera (1993 [1996]) liburuak giza-eskubide unibertsaletan eta Bestearen Alteritatean zentratzen den moral humanitario liberal garaikidea arbuiatzen du, aitzitik, Egien etika baten alde ekinez.

Badiouren Etika euskal testuinguru politikoan kokatzeko lehen saiakera, guk dakigunez bederen, hemen aurkezten den euskarazko itzulpenari (1996) Antton Azkargortak eginiko Hitzaurrea izan zen. Azkargorta J. Agirre Kolektiboko kide nabarmena izan zen, eta Badiouren lana ohiko filosofia moral gisa aurkeztu beharrean, diskurtso humanitarioaren aurka Badiouk egindako kritika azpimarratu zuen. Honek zuzenean garamatza Badiouk etika humanitario garaikideari egiten dion kritikara.

Sakatu HEMEN Alain Badiouren ETIKA deskargatzeko

Alteritate humanitarioa: Giza-animaliak vs. Subjektuak

Azkargortaren azalpena jarraituz, hizkuntza etiko garaikidea XX. mendearen amaieran estatu-sozialismoaren kolapsoarekin eta kapitalismo liberalaren garaipen globalarekin batera nagusitu zen. Politika, horrela, judizio moralera murriztu zen, dominazio kapitalistaren eta estatu-bazterketaren egiturazko baldintzak erabat ukitu gabe utziz. Azkargortaren arabera, paradigma iraultzaile tradizionalen agortzeak hain hutsune ideologiko sakona utzi zuen, non estatuak morala arma gisa erabil zezakeen, “etika” status quo-a mantentzeko eta intsumisio politikoaren edozein benetako adierazpen deslegitimatzeko diseinatutako jaurtigai erretoriko bihurtuz.

Testuinguru horretan, Azkargortak alternatiba gisa-edo aurkeztuko zen Emmanuel Levinasen alteritatearen etikari Badiouk egindako kritika sistematikoa azaltzen digu. Levinasentzat, etika Bestearen alteritate edo aniztasunaren zein zaurgarritasunaren aurrean erabateko erantzukizuna eskatzean oinarritzen da.

Badiouren arabera, baina, arazoa da zaurgarritasuna sufrimendu pasibo gisa ulertuz, diskurtso liberalak gizakiak ahultasunerako eta biktimismorako joera nagusia duten ‘giza animalia’ gisa tratatzen dituela. Zentzu horretan, Ongia Gaizkiaren prebentzioa bilakatzen da eta politika, berriz, krisien kudeaketara eta esku-hartze humanitariora murrizten. Horrelako zerumuga etikoak, azken batean, babesa behar duten biktima gisa soilik aitortzen ditu gizabanakoak, eta ez mundua eraldatzeko gai diren subjektu gisa. Gizakiaren definizio negatiboa ezartzen du: gizakia, azken finean, bortxatua izateko gauza den animalia da!

Ondorioz, Levinasen eredu etikoak subjektua geldiarazten du eta politika kudeaketa humanitario hutsera murrizten du, gizakia biktima pasibo gisa soilik antzemanez. Logika horren aurka, Badiouk azpimarratzen du subjektibotasun politikoa egia emantzipatzailearekiko fideltasunaren bidez sortzen dela. Gizabanakoak ez dira subjektu politiko bihurtzen sufritzen dutelako, baizik eta berdintasunaren, justiziaren eta emantzipazioaren inguruan antolatutako prozesu kolektiboetan parte hartzen dutelako. Giza animalia Subjektu estatusera igotzen da soilik bere burua egiaren prozedura edo prozesu batean txertatzen duenean, bere existentzia finitua egia infinitu baten garapenari eskainiz.

Subjektu etikoa, are gehiago, ez da Bestearen aniztasunean islatzen, gizakiak ez dira-eta haien ezberdintasunengatik definitzen. Azken batean, ezberdintasun enpiriko horiek amaigabeak dira, eta, bere horretan, politikoki hutsalak. Aitzitik, Subjektuak estatuaren kategoria ezarriak zeharkatzen dituzten egia emantzipatzaileekiko fideltasun aktibo eta kolektiboaren bidez sortzen dira, eta ez ezberdintasun kulturalaren ospakizunaren.

Laburtuz, alteritatearen eta sufrimenduaren gorazarrea ez datoz bat emantzipazioaren ideiarekin.

Ongiaren nagusitasuna: Morala vs. Etika

Badiouren Etika etika militantea da, ezarritako ordena hausten saiatzen den Gertakizun ustegabeko eta eraldatzaile bati fideltasunean errotua dagoena. Bestalde, Badiouren Etika egituratzen duena Ongiaren eta Gaizkiaren arteko bereizketa da, zalantzarik gabe. Alta, filosofia moral garaikide gehienek egiten duten bezala, Gaizkitik hasi beharrean (ez dago Gaizkirik a priori), Badiou Ongitik abiatzen da:

“Gaizkia bultzatzen nauen Ongiarekiko leial izateko indarra falta zaidanean [agertzen da …] Ongiaren alde borrokatu nahi dut; Ongiaren alde zer dudan jakin nahi dut, eta martxan jarri. ‘Gaitz erdi’arekin bat etortzeari uko egiten diot.” (Cabinet Magazine, 2002)

Badiouk, ondorioz, moral humanitario liberala baztertu eta Egien etika militante baten alde egiten du. Etika ezarritako ordena hausten duen Gertakizun eraldatzaile bati eustea da. Gaizkia, horrela, ez da Ongiaren aurkako printzipio autonomoa edo arau bat haustea, egia-prozesu ororen barneko distortsio posible bat baizik, Gertakizun horrekiko fideltasuna traizionatzea alegia. Badiourentzant, hain zuzen, Gertakizun baten egiarekin konprometituz baten interes berekoi eta pribatuetatik haratago subjektu berri bat sortzen baita eta Gaikia, horrela, arau moralen baten urraketa izan beharrean fideltasun horri traizio egitea baita, Gertakizunaren ondorioak ez betetzea.

Ikuspegi honen garrantzia bereziki agerian geratzen da euskal nazio askapeneko borroketara hurbiltzean. Euskal gatazkara ekarriz, Azkargortak moralaren (Moralität) eta etikaren (Sittlichkeit) arteko bereizketa hegeliar klasikoan oinarrituz azaltzen digu Badiouren pentsamendu etikoa. Morala segurua da, legeari eta errutina instituzionalari lotua dago. Estatuak status quo-a mantentzeko eta intsumisioa deslegitimatzeko arma gisa erabiltzen du. Etika, aldiz, jada badagoenarekin haustura erradikal batetik sortzen den konpromiso subjektiboa da. Azkargortaren hitzetan:

“Morala, beraz, erreflexiboa da… Etika, aldiz, kalkulaezina da, planifikatu gabeko berehalako erabakia… subjektuak erabakitzen du existitzen den egoerak erabaki ezin duena.” (1996, 11. or.)

Ekintza etikoa ezin da aldez aurretik ezarritako arauetatik ondorioztatu; aitzitik, egoera zehatzak berak erabaki ezin duenarekiko konpromiso subjektiboaren bidez sortzen da. Egon ez baitago Etika unibertsalik abstraktuan, egia zehatzen barnetik sortutako etikakbaizik.

Antton Azkargorta eta Alain Badiou – Paris 1987

Militante politikoaren Inperatibo etikoa vs Inperatibo kategorikoa

Azkargortak 1996ko bere Hitzaurrea amaitu izana euskal esperientzia emantzipatzailea eremu pribilegiatua zela iradokiz, esanguratsua da. Edozein prozesu politiko barne-kritika zorrotzetik salbuetsi beharrean, bere ustez euskal kasuak argi erakusten baitzuen oinarriko talka: alde betetik, estatu-erakundeek euren hegemonia zaintzeko hedatutako moralismo kontserbadorea zegoen; beste aldera, euskal esperientzia emantzipatzaile singularrean biltzen den egia politikoa eta egia politiko horrekiko fideltasunaren bidez hamarkadetan eraikitako subjektibitate militante zail eta arriskutsua.

Badiouren etika, ondorioz, baliagarria da tentsio horretaz aritzeko, estatuaren moralismo kontserbadorearen eta subjektibitate militantearen arteko talka hori ez baita amaitu. Azaleko itxuren despit, tentsio bizi hori ez da eten eta etika militantea, horrela, elkarlotua dirau Gertakizunarekiko fideltasunaren bidez eratutako euskal subjektu politiko askatzailearekin.

Zentzu horretan, Azkargortaren duela hogeita hamar urteko intuizioak gaur egungo analisia oinarritzeko ere balio du. Nahiz eta 90eko hamarkadak baldintza guztiz ezberdinak ezagutu —tartean borroka armatua, tortura eta estatuak bultzatutako heriotza-eskuadroiak—, erreferentzia hori historikoa baino gehiago da. Irauten duena Badiouren egoerari lotutako inperatibo etikoaren balioa da, Kanten inperatibo kategoriko unibertsalistaren gainetik.

Azken batean, atzealde historiko horrek oso adierazgarria izaten dirau gaur egungo militante politikoentzat, bai Euskal Herrian bai mundu mailan. Inperatibo kantiarrak kontingentzia espezifikotik deskonektatuta dagoen lege huts baten aurrean men egitea eskatzen du; garbitasun formala eskatzen du, zeina soilik mantendu baitaiteke borroka historikoaren eremu nahasian jarduteari uko eginez. Badiouren inperatibo etikoak, berriz, subjektuak aurrera jarraitzea eskatzen du, are exijitu, egia politiko baten bizirik mantentzeko egoera zehatz batek zer eskatzen duen etengabe baloratuz.

Gatazka unerik gordinenean zegoen garaian idatziz, Azkargortak aitortu zuen euskal egoera ezin zela aztertu adostasun demokratikoaren kategoria moral sinplistetatik abiatuta, adostasun horrek, hain zuzen ere, Espainiako estatu-aparatuaren egiturazko indarkeria ezkutatzen zuelako. Hiru hamarkada igaro direnean, behaketa horrek berebiziko garrantzia du gaur egun. Matxinada osteko trantsizio garaikidea deszifratzeko ezinbesteko tresna dirau.

Biktimazioa vs Fideltasuna

Bukatzeko, euskal askapen mugimenduaren zerumuga etikoa bere ibilbide politikoaren barnetik sortu dela azpimarratu behar da, eta ez kanpoko preskripzio moralen bidez. Horrek ez du ibilbide hori kritikatik salbuesten. Sekuentzia emantzipatzaile bakoitza Badiouk identifikatutako arriskuen eraginpean baitago: aipatu traizioa gehi dogmatismoa, izua, simulakroa… Hala ere, esperientzia historiko osoa terrorismoaren eta biktimazioaren hizkuntzara murrizteak askapen mugimenduak artikulatu duen Egia emanzipatzailetik sortu diren asmo eta subjektutasun politikoak iluntzen ditu, erabat.

Zalantzarik gabe, fideltasunak indarkeria politikoari biziraungo badio, prozesuan sortutako egitasmo eta egia politikoak ezabatu gabe, hogeigarren mendeko ziurtasun suntsitzaileak erreproduzitu gabe egin beharko du. Baina euskal askapen mugimenduaren etika bere ibilbide politikoaren barnetik sortu zen bezala, historia eta gatazka, edo gatazka historikoak, ezin dira biktima eta erasotzaileen eskema bitar moralistara soilik murriztu. Kategoria horiek moralaren aldetik erakargarriak izan daitezke, baina etiko-politikoki eskasak dira, errukiaren xede humanitario pasiboa gainditzera laguntzen ez duten neurrian. Erronka ez da sufrimendua ukatzea, baizik eta hura interpretazio politikoaren zerumuga bakarra izatea saihestea.

Bibliografia/Erreferentziak

Azkargorta, Antton  (1996). “Hitzaurrea”, Badiou, Alain, Etika: Gaizkiaren Kontzientziari Buruzko Saioa. Antton Azkargortak euskarara itzulia. Bilbo: Besatari, 9-15 orri.

Badiou, Alain (1993). L’Éthique: Essai sur la Conscience du Mal. Paris: Éditions Hatier.

Cox, Christopher and Whalen, Molly (2002). “On Evil. interview with Alain Badiou. The Subject Weakened and Destroyed”. Issue 5, winter 2001/2 Cabinet Magazine.

Kant, Immanuel. (1785). Groundwork of the Metaphysics of Morals. Berlin: Akademie Edition Vol. 4,  421 orri. Columbia University Press

IGM-2026-09

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *